ALEGRÍA-DULANTZIREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA AZAROAREN 25ERAKO


Azaroaren 25a dela eta, ?Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna?, Alegría-Dulantzin beste behin nabarmendu nahi dugu emakumeen kontrako indarkeriak bizirik dirauela, bere adierazpen guztietan: fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa, soziala, ekonomikoa... eta esparru guztietan: familian, bikote harremanetan edo bikote harreman ohietan, lan munduan, baita jendarte edo komunitate mailan ere.

Emakumeen kontrako indarkeriaren baitan, emakume izateagatik emakumeei kalte edo sufrimendua ekar lekiekeen edozein ekintza dago, edo haien duintasuna, segurtasuna edo askatasuna urratzen dituena, edo urra ditzakeena, edozein modutan eta aipatu esparruetan.

Horregatik, emakumeen kontrako indarkeriaz mintzo garenean, egiturazko indarkeriaz ari gara.

Nolabait, emakume guztiek jasan dute/dugu, zuzenean edo zeharka, indarkeria sexista, eta hori onartzen, babesten edo ahalbideratzen duen jendarte bat erantzulea da.

Aurten, eraso sexualak nabarmendu nahi ditugu; izan ere, horietako batzuk hain dira normalizatu eta egunerokoak, non ez diren erraz antzematen, batik bat emakume gazteenek.

Emakume eta gizonen arteko harremanetan aldaketa garrantzitsuak izan badira ere, sarritan gure jendartean erroturiko desberdintasunaren gainean eraikitzen jarraitzen dira, desberdintasun hori betikotuta.

Zenbait faktorek, esaterako, neskatilen etengabeko sexualizatzea, emakumearen gorputzaren irudia desira objektu huts gisa, gizonaren sexualitatearen estereotipoa, kontrolaezina eta bere ekintzen erantzukizunetik salbu uzten duena, edo sexualki hurbiltzeko modu gisa jazarpenaren naturalizazioak, eraso sexista ugari horiek ahalbidetzen dituzte, batzuetan oso maila zoli eta mikrotan gauzatuta, normala balira bezala barneratzen ditugunak, eta beste batzuetan ez horren maila mikro eta zolitan, jendarte gisa salatzea, gaitzestea eta erauztea kostatu egiten zaiguna.

Emakumeekiko indarkeria desagerrarazteko lan eta estrategiaren abiapuntua indarkeria forma horiek ikusgai jartzea da, desberdintasuna eta indarkeria sexista sustatzen dituzten mezuak zein diren detektatuz. Beldurraren bidez, edo beste edozein moduren bitartez, erantzukizuna emakumeei egoztea ekidinez, haien sexualitate aktiborako eskubidea onartuta inolaz ere estigmatizatu gabe.

Hezkuntza afektibo-sexuala funtsezkoa da, gazteek errespetuan eta berdintasunean oinarrituriko sexualitatea gara dezaten. Beharrezkoa da bereziki haiei zuzentzea, eraso mota oro prebenitzeko jokatu behar duten papera azpimarratuz eta erantzukizunezko papera har dezaten euren eta inguratzen dituzten testuinguruko jarrera sexistei dagokienez.

HORREGATIK GUZTIAGATIK, UDALBATZAN

Konpromisoa hartzen dugu, gure eskumenen eremuan eta indarrean dagoen legeria aplikatuta, berdintasunaren alde eta emakumeekiko indarkeriaren kontra udal politika aktibo, integral, parte-hartzaile eta koordinatua garatzeko eta berau sustatzen jarraitzeko.


Horretarako, aurten hainbat ekimen abiarazi dira herrian emakumeek jasan dezaketen edozein eraso mota prebenitzen eta horien kontra egiten laguntzeko.

Udaletik, Alegría-Dulantziko herritarrak eta, bereziki, gazteak GONBIDATZEN DITUGU azaroaren 25ean aktiboki parte hartzera ?Hiri debekatuaren mapa?ren Erakusketan, Kultur Etxean, hala nola gazteen artean berdintasuna sustatzeko ?Beldur Barik? deritzon prebentzio eta hezkuntza programan.